Eskerrik asko!

eitb-3

Azkenean iritsi zaigu nahi genuen iruzkina idazteko garaia; azkena, bloga ixteko balioko duela, garaipenarena. Duela aste batzuk Justiziak arrazoia eman zigun, berriro ere: EiTBko langileak gara eta izan gara. Batzuek behin eta berriro kontrakoari eutsi dioten arren, gure egoerari etekina atera dioten arren, epaitegiek gauzak bere lekuan jarri dituzte, egoerari bere benetako izena emanda: Nahiz eta urteak eman M4Fko kontratuarekin, EiTBko langileak ginen, ‘eztaliko’ langileak: EiTBko egoitza handiko soto batean ezkutatuta; neguan, izoztuta; udan, izerditan blai; EiTBko langile ‘ofizialen’ lan berbera egiten, baina askoz gutxiago kobratuta. Ordu gehiago lan egiten, eta txanda txarrenetan, noski. Eskubide barik (gu), lotsarik gabe (eurek, EiTBko eta M4Fko zuzendaritza).

Ia bi urte izan dira, ahazteko modukoak; gau luzeak, kezkak jota, tentsioa, urduritasuna, aurpegi txarrak, modu txarrak, presioak… Gaur egun, zoritxarrez, milaka langilek bizi duten egoera. Duela urte batzuk arte ezinezkoak ziruditen gauzak ikusi ditugu; azkena, abenduan bertan. Zuzendaritzak ordura arte salaketa jarri ez zuten lau langileri salaketa jartzeko eskatu zion. Zertarako? Haiei urtarriletik aurrera kontratua egin ahal izateko. Abenduan argi zuten urtebete arinago salaketa jarri genuenoi kontratua egitera behartuko zituela Justiziak, eta lau langile txintxo horiei kontratua egiteko justifikazio bakarra salatzaileen multzoan sartzea zen. Baina lau horiei bakarrik esan zieten salaketa jartzeko, lau langile kutunei, salatu ez zuten gainontzekoei hitzik ez. Harrigarria da: enpresak berak, langile talde bati bere kontrako salaketa jartzeko eskatu dio. Enpresa hori EiTB da; ustez, enpresa serioa. Horrelako erabakiak hartzen dituen jendea daukagu zuzendaritzan, jaun andreok. Hala ere, jokaldia ez zaie ondo atera, eta lau langile horiek kalean daude. Momentuz. Ikusteko dago datozen asteetan zer gertatzen den.

Urtarrilaren 1etik, kontratu mugagabe ez iraunkorra daukagu EiTBrekin, Eusko Irratiko langileek ondo baino hobeto ezagutzen duten kontratu mota. Eskerrik asko zuen blogean idatzitakoagatik, zuen egoera eta zuen borroka gertutik bizi dugu, lankideak baitzarete zoroetxe honetan. Zuen bidea gurea ere bada: oso argi utzi digute ahal bezain laster LEP bat antolatuko dutela gurean ere ‘garbiketa’ egiteko. Dirudienez, zuekin antolatutako kaka-nahasteak ez die gurean antzerako bat egiteko gogoa kendu.

Baina ordura arte, gutxienez, hilabete batzuetan lasai egoteko aukera izango dugu. Gurekin harro gaude, Justiziak gure alde egin duelako, pisuko argudioekin gainera. Epaitegietara jotzea izan da batzuen egoskorkeriak eta harrokeriak utzi digun aukera bakarra.

Baina gurean bada oraindik puntu ilunen bat edo beste: Hanka-sartze handi horren arduradun nagusiek ez dute egindako okerra ordaindu, are gehiago, goi mailako karguetan jarri dituzte: Andoni Ortuzar (lehen: EiTBko zuzendaria / gaur egun: EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea), Juan Diego (lehen: EiTBko gerentea eta M4Fko sortzaile eta zuzendaria / orain: Bizkaiko Aldundiko BEAZ innobazioaren agentziako zuzendaria), Itziar Ijalba (lehen M4Fko zuzendaria / gaur egun: Alondegiako Komunikazio arduraduna). Gurean ere badugu kasta, leinua. Ez dago zertan Espainiara begiratu beharrik.

Ez dugu mezu hau amaitu nahi hilabete luze hauetan gure ondoan izan zaretenoi hitz batzuk esan barik. Eutsi eta lagundu diguzuen guztioi. Zuen pazientziak, gertutasunak eta elkartasunak ez du parekorik izan. Familiakoei, lagunei, lankideei, ezagunei… ESKERRIK ASKO, BIHOTZ BIHOTZEZ!

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Uncategorized y etiquetada , , , , , , , , , . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s